2022an nere jaioterri den Oiartzunen diseinu estudio berri bat sortzen dut. Hamarkada luze bateko esperientzia dut produktu diseinuaren arloan.
Diseinatzaile zorroztzat dut nere burua, objektu baten sorkuntzan parte hartzen duten prozesu guztien garrantziaz jabetuta, lehen zirriborrotik hasi eta fabrikaziora arte, azken emaitza egokirarte iristeko pausuen gainean egotea garrantzitsua iruditzen zait.
Nere ogibidea jarrera xume batetik lantzen dut, objektu bat sortzeko prozesuaren beste fase bat da, soldatzailearen, saltzailearen edo tapizatzailearen lanaren parean nolabait.
Jakinminez beteriko ikuspegi batetik objektu bat definitzen duten keinu bakoitzean neurritasuna bilatzen dut, lerro egokiak erabiliz eta horietako bakoitzean edertasuna bilatuz. Geometria eta formarekiko dudan maitasun sakonetik datorkit.
Diseinatzen ditudan objektuak afektibitatez hornitzea bilatzen dut. Bizitzan zehar hurbil izango ditugun piezatako bat izango denaren konzientzia osoaz. Iraunkorra izatea bilatzen dut, denbora luzez erabiltzailearekin geratuko dena alegia. Garrantzitsua iruditzen zait objektuei sakontasuna ematea, kontatzeko istorio bat.
Uste dut diseinuan zintzotasun gehiago behar dela. Gure esparruan ematen diren diskurtso hutsen joeratik urruntzen saiatzen naiz. Bi hitz zehatz eta zintzo nahiago ditut edukirik gabeko paragrafo luzeak baino.
Honekin guztiarekin, maite dut diseinua eta ekar ditzakeen gauza positiboak, bere kontraesanekin. Bokazio argi bat izan dut beti. Kontsumo produkzio-makinaren parte aktibo gisa, nire ogibideak ingurumenean dituen ondorioez jabetzen naiz. Beraz, bokazio hori ahalik eta modu arduratsuenean erabiltzen saiatzen naiz. Iraunkorra izateko bideetako bat irtenbide bidezko eta zuzenak bilatzea da eta erabiltzaileekin koneksio indartsu eta iraunkorrak sortzea.